
NBEko Droga eta Delituen Aurkako Sailak urteko txostena aurkeztu du; EBk, bestalde, azken hamar urteetako drogen inguruko balantzea egin du.
Drogekin bizitzen
E. A.
Munduan legez kanpoko droga asko daude, mendekotasuna sufritzen duten pertsona gehiegi daude, eta drogen salerosketari lotuta dauden nahi baino indarkeria eta delitu gehiago. Hitz gutxitan, hori dio Nazio Batuen Erakundeko Droga eta Delituen Aurkako Sailak egin duen urteko txostenak. NBEko herrialdeek 1998tik 2008ra arte «drogarik gabeko mundua» lortzeko hartutako konpromisoek porrot egin dute. Hori erakusten du argitaratutako txostenak. Zenbaitzuek galdutako hamar urte izan direla iritzi diote.
Azken urtean kokainaren produkzioa 900 tonakoa izan da, eta azken hamar urteetan berdintsu mantendu da. Opioari dagokionez, produkzioa bikoiztu egin da 1998. urtearekin alderatuta. Horren arrazoia, Afganistanen mitxoletaren landatzea asko gehitu izana da.
Dena den, NBEk orain dela 11 urte hartutako estrategiak zerbaitetarako balio izan duela defendatzen du. Urtean legez kanpoko drogak kontsumitzen dituzten pertsonak 208 milioi dira, munduan 15 eta 64 urte dituzten pertsonen %4,9, hain zuzen ere.
NBEk aitortu duenez,baina, drogekin zerikusia duen krimen antolatutak merkatuan 320.000 milioi dolar mugitzen ditu (247.765 milioi euro baino gehiago). Horrez gain, krimen mota horrek urtean 200.000 hildako eragiten ditu, NBEk herenegun Vienan hasi zuen drogen inguruko goi bileran aurkeztutako txostenaren arabera.
Drogaren merkatzea
Europako Batzordeak, bestalde, 1998. eta 2007. urteen bitartean drogak merkatuan izan duen garapena eta horren aurka herrialdeek hartutako neurriak ikertu ditu. Ikerketaren emaitzak Vienako goi bileran jakinarazi ditu.
Ikerketaren arabera, azken hamar urteotan drogaren aurkako borrokak porrot egin du. Azterketak azaltzen duenez, drogaren salneurria %10 eta %30 artean merkatu da azken hamar urteotan. Datu horrek bereziki kezkatzen du Europako Batzordea.
Txostenak Suedia herrialde eredutzat jo du. Izan ere, herrialde horrek drogen aurkako estrategia hoberena du, Europako Batzordearen iritziz. Suediak kalteak gutxitzearen aldeko programak ezarri ditu martxan eta drogaren menpe dauden pertsonak gizarteratzeko ahalegina egin du, ikerketaren arabera. Bide horretatik, Europako Batzordeak prebentziorako kanpainetan inbertitzen den diru kopurua kritikatu du. Horren adibide, Herbehereak jarri ditu. Herrialde horrek aurrekontuaren %2 erabiltzen du prebentzio eta drogen aurka egiten diren kanpainetan.